Zer da bertsoa Bertsolaritzaren historia  |  Txapelketen historia  |  Bertsolaritzaren transmisioa  |  Bertso doinutegia  |  Bertsozale Elkartea  XDZ
 

Xenpelar Dokumentazio Zentroa (XDZ), bertsolaritza ikertu eta gizarteratzeko

1991ean sortu zuen Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroa (XDZ), bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratuz, maila guztietako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. Bertsozale Elkartearen sailetako eta herrialdeetako egitasmoei esker eta elkartearen inguruko bertsozaleen bidez osatzen da urtez urte  Xenpelar Dokumentazio Zentroak bildu eta eskaintzen duen ondarea.

Mota guztietako informazioa eta dokumentuak biltzen dira eta bertsolaritzaren berezko sistema dokumentalaren arabera antolatuta eskaintzen du  zerbitzu publikoa, bere bilduma eta informazioa behar duen ikertzaile, bertsozale eta hiritar guztien eskura jarriaz. 2011 urtetik aurrera, BDB datu-basea garatu du, bere edukiak antolatu eta internet bidez eskaini ahal izateko*.
*Oraindik dena ez dago internenten kontsultagarri, beraz, beti galdetu dokumentalistei.

Non gauden

Bertsolaritza eta ahozko inprobisazio kantatua

Bertsolaritzari buruzko informazioaz gain, munduan dauden beste inprobisazio kantatuei buruzko informazioa ere aurkitu daiteke Xenpelar Dokumentazio Zentroan. 2003tik Bertsozale Elkarteak kulturarteko lan ildoari eman zion hasiera bertsolaritzarekin batera munduan dauden beste ahozko inprobisazio kantatuak ezagutzera emateko helburuarekin,  "Ahozko Inprobisazioa Munduan" topaketen  eta Argo egitasmoaren bidez.

Bilketa, bertsozaleen aleekin osatutako altxor kolektiboa

Xenpelar Dokumentazio Zentroaren berezitasun nagusiena sorrera horren ondorioz antolatutako bilketa-sistema bera da: Bertsozale Elkarteak Euskal Herri eta herrialde mailan dituen hainbat egitasmoren bidez elikatzen da hein handi batean; eta beste hein handi batean, bertsozale eta bertso-eskolek egindako dohaintzekin: Grabazioak, saio eta sariketei buruzko informazioa, kartelak, argazkiak, bertso-paperak, dokumentuak, liburuak, artikuluak,... elkarte eta norbanakoen aleekin bilduma kolektibo hau osatu da azken 20 urteotan.

Xenpelar Dokumentazio Zentroari buruzko erreportajea (2010)

 

Egungo grabazio-sarea eta iraganeko grabazio historikoen lanketa

Bat-bateko bertsolaritzaren dokumentu mota garrantzitsuena ikus-entzunezko grabazioa da. Euskal Herri guztian zehar egiten diren bertso-saioen grabazioen lagin zabal bat biltzeko sarea antolatua dugu Bertsozale Elkartean. Hedapen helburua duten egitasmo ezberdinen sinergiak erabiliaz, borondatezko bertsozaleen bidez, tokiko bertso-eskolaren bidez,... Herrialde eta mota guztietako bertsogintzaren argazkia izango diren grabazioak jaso nahi dira, etorkizunean ikerketa nahiz bestelako azterketetak egin ahal izateko ezinbesteko materiala baita.

Bestalde, grabazio zaharrak ere jasotzen ditugu, bertsozale, bertso-eskola nahiz partikularren eskutik, eta euskarriak hala behar izanez gero, kontserbazio egokiagoa ziurtatzeko asmoz digitalizatu eta landu egiten ditugu.

Bertso-bildumak: bat-batekoak eta idatzizkoak

Datu-base honen bidez bat-bateko bertsoak betikotzeko aukera eskainiko dugu: aurretik egindako argitalpenak eta hautaketak baliatuz, bertsoaldi bilduma osatuz joan nahi dugu. Piskanaka-piskanaka bilduma handitzen joango gara, argitalpenak landu, bertsoak katalogatu, transkribatu eta entzuteko edo ikusteko fitxategiak txertatuaz. Etorkizunean sortzaileak bere bertsoekin egindako hautaketak publikatzeko ere baliatu dezake tresna hau. Idatzizko nahiz bat-bateko bertsoen gunea izango da.

Zerbitzuak

Zentroan dauden funtsak guztiz irekita daude hezkuntza eta ikerketa helburua duten egitasmoetarako. Publikazioa helburu duen egitasmoak dagokion materialak behar dituen baimenak eskuratzea beharko du. Materialari egindako kopiak ere aurrez adostutako erabilerarako izango dira. Xenpelarreko materialaren kontsulta beti doakoa izango da eta materialaren kopia eta hautaketak dagokien zerbitzu-tarifa izango dute.

Fonoteka eta Bideoteka

Bertso-saioen eta bestelako grabazioen bilduman hainbat formatutan egindako grabazioak kontsultatu daitezke (Betacam, VHS, DVC-PRO, Audio bobina, Kasetak,...) eta bere hauskortasunagatik eta kontsultarako irakurle-tresna gabeziagatik, kopia digitalen kontsulta egitea bideratuko da, horretarako eskainiko diren ordenagailuen bidez. Kontsultatu behar den grabazioen eskaera aurretiaz egitea komeni da.

Aldez aurretik behar duzun informazio-eskaera egitea

Zuzeneko kontsulta egiteko ekipamendua eta gunea Mintzola Fundazioarekin batera garatuko da Subijana etxeko hirugarren solairuan, ganbaran. Baina zerbitzu publikoen gunea antolatu bitartean, dokumentalisten lanerako ekipamenduen bidez eskainiko ditugu zerbitzuak. Hori dela eta, komenigarria da aldez aurretik telefonoz edo e-posta bidez  bila ari zaren informazioari buruz galdetzea.

Etorri aurretik gurekin harremanetan jartzeak bilatzen ari zaren gaiari buruz  bilaketa egiteko Xenpelar dokumentazio zentroan bertaratu aurretik galdetzeak behar duzun hori hobeto prestatu eta kontsultatu ahal izateko digitalizatzea ahalbidetuko digu. Grabazioen kopiak, artxiboen kontsulta, argazkien bildumak eta abarrak ondo aztertu eta eskaini ahal izango dizkizugu.

Jarri gurekin harremanetan!


e-postaz (formulario honen bidez)

Telefonoz: (+34) 943 694 277

Ordutegia:  astelehenetik ostiralera ; 9:00 - 13:30*

 


* Beti ere dokumentalistari galdetu, beharrizanen araberako moldaketak egiteko aukerak aztertu ahal izateko.

Xenpelar Dokumentazio Zentroko Sailetako arduradunak