Bertso-eskoletan eta ikastetxetan egiten den urte osoko lana indartzeko, ekintza osagarri asko eta asko antolatzen dira urtean zehar. Hauen helburuak izan ohi dira ikasturtean egindako lana jendaurreratzea, haur eta gazteak bertsozaletzea, beste herrietako kideekin harremanak egitea, eta bertso-eskolara joateko edo bertan jarraitzeko motibazioa areagotzea.
Urtean zehar antolatzen diren ekitza osagarriak:
- Bertso irratsaioak ikastetxeetako haurren eskutik.
- Ikastetxeetan ikasturte amaierako jaialdiak, kantaldiak eta bertso saioak.
- Gazteen bertso-afariak.
- Gazteen topaketak.
- Gazte sariketak.
- Eskolarteko Bertsolari Txapelketa.
- Txapelketa finaletara txangoak.
- Asteburuko ikastaldiak.
- Bertso-eskolen eguna.
- Bertso-eskolen topaketak.
- Bertso udalekuak.
Bertso udalekuak
90. hamarkadan hasi ziren antolatzen lehen bertso-udalekuak Iparraldean. Orduz geroztik proiektua hazten joan da urtez urte.
Egun, Bertsozale Elkarteak zuzenean bost txanda antolatu ohi ditu (Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean), Euskal Herri osoko 200 haur eta gaztetxo elkartuz. Horiez gain Aldundi, elkarte eta bestelako erakundeekin elkarlanean ere txanda gehiago eskaintzen ditugu.
Bertso-udalekuen helburuak dira haur eta gaztetxoak bertsozaletzea eta harremanak sustatzea, euskalki ezberdinen topaleku izatea (nork bere hizkuntza aberastuz), eta kulturan oinarritutako aisialdia eskaintzea.
Udalekuotan bertsoari lotutako jolasak eta ekintzak egiten dira. Bertso-afariak ere antolatzen dira bertsolariak ekarrita, eta kantagintza ere lantzen da musikari baten laguntzaz, haurrek udalekuetako diskoa grabatzen dutelarik.
|